On-line irakaskuntza: eredu pedagogikoaren aurrerapausoak, zailtasunak eta erronkak

Laburpena

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEUren) asmoa beti izan da bere hezkuntza-jarduna etengabeko berrikuntza-prozesu batean kokatzea. Asmo horri lotuta, 2004an bide berri bati ekitea erabaki zuen, Irakaskuntza Telematikoari hain zuzen ere. Urteetan esperientziatik ikasten joan da eta, aurrerapauso esanguratsu bat emanez, 2013an prozesu zikliko bat jarri zuen martxan: on-line irakaskuntzarako eredu pedagogikoa eraiki, progresiboki ezarri, ebaluatu eta eredua bera birformulatu. Eraikuntza-prozesuaren berri eman zen MoodleMoot Euskadi 2014an zein 2016an. 2017ko edizioan, lau urteko lanketa sendoaren prozesuaren emaitzak aurkeztu ziren, on-line ikastaroak diseinatzeko eta irakasteko eredu propioaren azken bertsioa eta horrekin batera sortutako lan-tresnak, alegia. Ordutik hona UEUk lanean jarraitu du, etengabeko berrikuntza-prozesuan aurrera. Guztira on-line eredu pedagogikoa oinarri duten 50 ikastarotik gora osatu dira eta arreta berezia eskaini zaio elkartearekin batera lan egiten duten on-line irakasleen formazioari. Maiz, irakasle askok, edukiari buruzko jakintza handia izan arren, ez dituzte ondo ezagutzen on-line irakaskuntzaren ezaugarriak eta laguntza behar dute ikastaroa diseinatzeko. Urtetan zehar UEUko on-line irakaskuntzaren arduraduna zein teknikariak izan dira formazio horren arduradunak eta aurrez aurreko bileren bitartez kudeatu da. Aurten urrats bat gehiago egin da: formazioa on-line formatura ekartzea. Beste hitz batzuetan, on-line ikastaro bat diseinatu da UEUn irakasle izango direnek eredu pedagogiko propioa barneratu dezaten eta on-line irakasleak izateko estrategiak gara ditzaten. Azken finean, UEUren on-line irakaskuntzarako eredu pedagogikoa ez da dokumentu itxi soil bat, errealitateari modu malguan erantzun nahi dion hezkuntza-ikuspegi bat baizik. Beraz, gure komunikazioaren edo PechaKucharen (bata zein bestea egiteko prest gaude) ardatz nagusiak on-line irakasleak eta on-line formazioa izango dira eta helburua UEUren on-line irakaskuntzarako eredu pedagogikoaren maila teorikoa praktikara eramateko berrikuntza-bideak MoodleMoot Euskadi komunitatearekin partekatzen jarraitzea.

Data
2019-05-10
Kokalekua
Orona-Ideo, Mondragon Unibertsitatea (MU)
Hernani, Gipuzkoa
Rakel Gamito
Rakel Gamito
Irakaslea eta Ikertzailea

Erlazionatuta